XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oihana eta Haritz mahairatu egin ziren baina, nahiz eta gosez urdailak orroa egin, ezerezetik agertutako jaki haiek ahoratzea...

- Bai ederra! -bota zuen Juliusek okel-puska handi bat ahoratzen zuelarik.

Jan ezazue demontre!

- Hain arraroa da guzti hau, Julius! -esan zuen Oihanak.

Magikoa dirudi.

Kriselurik gabeko argia, egunargiaren parekoa, lurretik ateratzen diren haltzariak, misterioski itxura ezinobeko xerra bihurtzen den orea...

- Begira, hau ez duzue magikotzat hartu behar.

Guztiz arrunta da, teknologia besterik ez -saiatu zen Julius harandarrek mesfindantza gainditzen.

Nola esplikatuko dizuet?

Esaterako, zuek ikusi duzue seguruenik herriko errementaria lanean, igitaiak egiten demagun -baiezko keinua egin zuten buruz.

Igitaiak egiteko burdina labean sartzen duenean harri itxura dauka.

Labean beroarekin urtu egiten da, kanpora isuri eta berriro hozten denean bestelako itxura dauka, distiratsu eta leuna.

Magiarik ba al dago horretan? -ezezkoa esan zioten oraingoan.

Ba hau berdintsua da, beste teknologia da ordea. Ulertzen?

Baiezkoa esan bazioten ere, Juliesek ez zuen burdin goria eskuetan hartuko baieztapen horren alde.

Alabaina, harandarrek jatea lortu zuen eta aldi berean, uretan botatako somniferoa ere edatea.

Hamar minuturen buruan, bi gazteak lo ziren ohexka banatan.

Somniferoa hartuta lasaiago lo egingo zutela otu zitzaion Juliusi.

Mahaia jaso ondoren, dutxa lasaigarri bat hartu zuen eta atseginez ohe bigun batean pausatu zituen aurreko bi gauetan lurzoru gogorrak minberatutako hezurrak.

Loak hartzeko ez zuen somniferoen beharrik izan.

Morfeoren besoek plazerezko ametsetara eraman zuten.